Hausturak gainditzea

Haustura traumatikoak gainditzea, harremanaren amaieraren ondoriozko dolua. Minak zerbait erakusten digun bidea izan behar du, produktiboa izan dadin. Beharrezkoa da fase hori geure burua errudun sentitu gabe eta galdutako bikotearenganako ezinikusirik izan gabe bizitzea.
Haustura guztiak ez dira berdinak, bikotea uztea edo bikoteak gu uztea, bi egoerak ere zailak dira eramaten. Gure harremana apurtzea erabaki badugu, litekeena da erruduntasuna piztea beste pertsonaren mina ikustean, eta baliteke, baita ere, gaizki sentitzea pauso hori lehenago eman ez izanagatik eta etorkizunik gabeko harreman toxikoa alferrik luzatzeagatik. Guk ez badugu haustura aukeratu, asko kostatuko zaigu beste aldearen erabakia errespetatzea eta harremanaren amaiera onartzea; erabaki ez dugun haustura bat bizitzea oso mingarria da eta, ziurrenez, eragina izango du gure autoestimuan. Haustura guztiak gure bizitzan aldaketa ekarriko duen prozesu mingarria dira, baina helduago izateko eta hazteko aukera berria ere badira.
